Pyrenaica 2016, 265, 48-57
PYRENAICA SARIAK XXXIV. EDIZIOA – XXXIV PREMIOS PYRENAICA: Bigarren Saria – Segundo Premio
XV. mendean Islama Javaren ekialderantz zabaldu zenean, uharteko apaiz, errege eta aristokrata hinduistek Balira ihes egin zuten, bere kultura, sinesmen eta erlijioarekin batera. Aldiz, nekazari eta jende xumeak Java uhartearen ekialdeko Tengger mendietako Gunung Semeru eta Gunung Bromo sumendien orroan eta erupzioetan aurkitu zuen babesa. Islamiarren eta indar geologikoen presioa izan arren, tenggertarrek beren hizkera, ohitura eta sinesmenei eusten diete oraindik, Buda Mahayana izeneko hinduismo-animismo nahaste berezia praktikatuz eta lur bolkaniko emankorrak landuz. Tenggertarren lurralde menditsuak Bromo-Tengger-Semeru Parke Nazionala osatzen du gaur egun, bertako hiru sumendi nagusien ohoretan. Paisaia paregabea, munduan bakana: Bromo sumendiari (2329 m) 16 km-ko galdara erraldoi eta antzuaren baitan, kea dario etengabe. Semeru (3676 m) Javako sumendirik garaiena eta aktiboenetakoa da. Penanjakan (2770 m) sumendi ohiaren gailurretik paisaia bolkaniko honen ikuspegi miresgarriaz goza daiteke.
https://pyrenaica.com/wp-content/uploads/hemeroteka/265/pdf/pyrenaica_265_48.pdf
